Joan den ekainaren 22an ospatu zen Musikaren Eguna Gaztearen eskutik, eta lehen aldiz, Musika Bulegoak bi podcast antolatu zituen parte hartzaile gisa. Ekimenaren helburua izan zen sektoreko erronka eta bizipen nagusiei buruzko gogoeta partekatua sustatzea.
Lehen saioa, “Kontzertu handiak vs. kontzertu txikiak: kontzertuak antolatzeko erronkak”, Galder Beramendik gidatu zuen. Bertan, hainbat ikuspegitatik aztertu zen zer dakarten formatu ezberdinek bai artistentzat, bai ekoizleentzat eta publikoarentzat.
Amaia Ispizua (Get In) agentearen esanetan, “gizarteak uste du arrakasta estadioak betetzea dela, baina hori ez da Euskal Herriko taldeen errealitatea”, eta areto txikiak zaintzeko premia azpimarratu zuen.
Julen Caminos (Bidean Produkzioak) ekoizlearentzat, “zaila da publikoa kontzertuetara erakartzea, eta batzuetan sentsazioa da dena saldu ezean porrota dela, baina hori ez da eguneroko errealitatea”.
Gari Uriartek (Dupla taldea) energia ezberdina nabarmendu zuen formatuaren arabera: “gaztetxe batean edo areto handian jotzea sinergia ezberdina da, ez hobea, ez txarragoa: ezberdina”.
Jon Ansorena eta Gorka Catediano (Trío Zukan) musikariek, berriz, klasika eta garaikidearen zirkuituetan laguntza instituzionalen garrantzia azpimarratu zuten: “ojala ez beharrik izatea, baina momentuz laguntza horiek beharrezkoak dira”.
Bigarren saioak, “Gorputza lehen lerrora jartzearen ajeak”, Oihana Aranak dinamizatuta, musikari eta DJ izateak dakarren esposizio fisiko eta emozionala jarri zuen mahai gainean.
DJ Inesek azaldu zuen “aurpegia erakusteko presioa” eta ziurgabetasunak eragindako nekea: “barne burruka konstantea da”.
Eneritz Furyakek, berriz, lan-karga eta exijentzien inguruko kritika egin zuen: “artista txikioi handiek egiten duten promozio bera eskatzen zaigu, eta tranpa horretan jausten gara”. Aldi berean, nabarmendu zuen gizarteak orain hobeto ulertzen duela musikari profesionalen prekarietatea: “beste sektore batzuetan ere antzeko egoerak daudelako”.
Podcast hauek, Gaztearen eta Musika Bulegoaren arteko lankidetzaren lehen emaitza dira, eta etorkizunean lankidetza berriak bideratzeko oinarri sendoa ezarri dute.