EKEk, Atabal aretoak, Kulturaz Kultur Kooperatibak, Bartzelonako Euskal Etxeak eta Musika Bulegoak antolatzen duten Iparhots egonaldi artistikoaren programan parte hartzeko aukeratua izan da LUMI.
Donibane Lohizuneko taldeak, 2023an Ekhi Lambertek eta 2024ean RTZ Kolektiboak burutu zituzten egonaldien proiektuari segipena emango dio.
Egonaldi artistikoen elkarlan honen helburua musikariei, sortzaileei eta Ipar Euskal Herriko musika eragileei proiektu berriak sortzeko eta lantzeko espazioa, baliabideak eta laguntza eskaintzea da.
Bi zatitan banatutako egonaldiak bi eguneko lan saioak izango ditu:
Horretaz gain, 2026ko lehendabiziko sei hilekoan Lumik kontzertua eskainiko du Bartzelonako Euskal Etxean.
LUMI
Nahia Zubeldiak (boza, makinak) eta Manu Matthysek (makinak) osatzen dute LUMI Donibane Lohizuneko elektro-pop esperimental bikotea, 2014az geroztik.
LUMIk aski urrunekoak diren bi bide biltzen ditu : Nahiarena, euskal kantuen eta folk melodien ingurukoa, eta Matthysena, arrunt elektronikoa.
Beren ibilbidean barna, soinua gero eta gehiago lantzen dute, eta, aldi berean, organikotasunera bideratzen.
Lehen EPa 2014an atera zuten, eta lehen LPa, Itzal zikinak, 2019an, biak Moï Moï diskoetxearekin.
Bezperen Dirdira azken lanean (Usopop diskak, 2022an), bikoteak jendeen eta makinen arteko miraila sekula baino gardenagoa bilakatu zuen: inoiz baino boz polimorfoagoa erritmo-konposizio organikoetan dantzan ibiliz.
Bikoteak hainbat kontzertu eman ditu, bai Euskal Herrian (Dominique A aitzin Biarritzeko Gare du Midin, Sébastien Tellier aitzin Biarritzeko Atabalen), bai Parisen (Trois Baudets areto famatuan), baita nazioartean ere: besteren artean, 2018an bere musika Japoniara eraman zuen, 8 kontzertuko bira baten karietara, baita Bogotako Teatro Mayor prestigio handiko aretoan euskal musika ordezkatzeko, 2022an.
2025ean, LUMIk bere hurrengo diskoa eta dagokion zuzenekoa prestatuko ditu, bereziki Iparhots egonaldiei esker.