Musika Bulegoa eta Gerediaga Elkarteak DA! PRO-ren zazpigarren ediziorako proposamen musikalak aurkezteko deialdia ireki dute.
Durangoko Azokaren baitan egiten den topaketa profesional honek programatzaileak eta musika sortzaileak/profesionalak harremanetan jartzea du helburu.
Data eta lekua:
- 2025eko azaroaren 26a · 09:00–14:00
- Plateruena Kultur Aterpea (Durango)
Helburuak:
- Euskal Herriko euskarazko musika sortzaileei eta musikariei euren proiektuak programatzaileen aurrean aurkezteko aukera ematea.
- Programazioaren arduradunek (areto publiko zein pribatuak, jaialdiak, udal teknikariak, bestelako erakundeak…) proposamen berriak lehen eskutik ezagutzea erraztea.
Topaketaren formatua:
- 10 proiektu hautatuko dira.
- Proiektu bakoitzak 10 minutuko aurkezpena izango du, aurretik 5 minutuko muntaketa eta line-check azkarrarekin.
- Aurkezpenerako formatu ezberdinak onartuko dira (zuzenekoa, bideoak, azalpen orala, akustikoa…), baina proiektuaren jatorrizko formatura ahalik eta gehien hurbiltzen den zuzenekoa lehenetsiko da.
- Antolakuntzak oinarrizko backline-a jarriko du.
- Programatzaileek lan-koadernoa jasoko dute aurkeztutako proiektuen informazioarekin, eta atsedenaldian edo amaieran harremanak egiteko tartea izango da.
- Hautatutako proiektuek 120 €-ko laguntza jasoko dute (bidaiak eta dietak).
- Aurkezpenak euskaraz egingo dira.
Norentzat:
- Haien jarduera profesionala musikagintzan burutzen duten eta fakturatzeko ahalmena duten musikariak, sustatzaileak, agentziak, managerrak, diskoetxeak, etab.
- Hizkuntza nagusia euskara duten musika proiektuak.
- Durangoko Azokako 60. Edizioan euren lana aurkeztuko duten musika proiektuak..
Hautaketa-irizpideak:
Musika Bulegoko eta Durangoko Azokako profesionalek osatutako batzordeak honakoak baloratuko ditu:
- Euskararen erabilera (musika instrumentalean, proiektuaren komunikazioetan erabilitako hizkuntza).
- Proiektua Durangoko Azokan berria izatea.
- Musika Bulegoko bazkide izatea baloratuko da.
- Ikuskizun musikalaren originaltasuna.
- Proiektua bide profesionalera bideratzeko nahaia.
- Topaketan jatorrizko formatuan zuzeneko bat eskaintzeko aukera.
Halaber, kontuan hartuko dira musika-estiloen aniztasuna, genero-berdintasuna, lurralde-oreka eta aurretik DA! PRO edo Musika Bulegoak antolatutako antzeko topaketetan parte hartu ez duten proiektuak.
MusikaGaz Fest 2026
DA! PRO-n hautatutako proiektu gazteek aukera izango dute MusikaGaz Fest 2026 jaialdian parte hartzeko, 2026ko urtarrilaren 24an Amorebieta-Etxanon egingo dena. Ekimen hau posible da Amorebieta-Etxanoko Udalaren, Gerediaga Elkartearen eta Musika Bulegoaren arteko lankidetzari esker.
Parte hartu ahal izango dute 35 urte baino gutxiagoko artistak bakarlarien kasuan eta taldeen kasuan partaideen %80ak adin hori ezingo du gainditu.
Ordainsaria lan-koadernoan aurkeztutako katxea izango da.
Azken edizioan, hautatutako 10 proiektuetatik 5 jaialdian programatu ziren.
Izena emateko epeak:
- Artisten/proiektuen izen ematea: 2025eko irailaren 15etik urriaren 6ra.
- Programatzaileen izen ematea: 2025eko urriaren 20tik azaroaren 21era.
Harremanetarako: proiektuak@musikabulegoa.eus
Izena ematea: hemen
Ohar garrantzitsua: izen-ematean emandako informazioa zuzenean erabiliko da programatzaileei banatuko zaien lan-koadernoan. Ez dira aldaketak onartuko.