Merina Gris eta EZEZEZ izan dira M pour Montréal jaialdiaren hurrengo edizioan egingo diren BASQUE.MUSIC. showcase-etan parte hartzeko hautatutako proposamenak.
M pour Montréal jaialdiak aurten 21. edizioa ospatuko du, azaroaren 18tik 21era, Montrealen (Quebec). Kanadako musika-industriaren topagune nagusietako bat da, eta urtero mundu osoko artistak, programatzaileak, komunikabideak eta jaialdietako ordezkariak biltzen ditu. Bere helburua nazioarteko musikaren arloko sortzaile berrien eta profesionalen arteko topaketa sustatzea da, elkartrukea eta harreman profesionalen sendotzea bultzatuz.
Aurtengo edizioan, Merina Gris eta EZEZEZ euskal taldeek bi showcase eskainiko dituzte jaialdiko programazio ofizialaren barruan. M pour Montréal jaialdiko talde artistikoak hautatu ditu biak BASQUE.MUSIC.-ek ekitaldian parte hartzeko irekitako deialdira aurkeztutako hautagaitzen artetik. Datozen asteetan emanaldien xehetasunak (eguna, ordua eta lekua) jakinaraziko dira.
BASQUE.MUSIC.
BASQUE. MUSIC. Euskal Herriko musika sorkuntza eta industria nazioartekotzeko plataforma da; Eusko Jaurlaritzak, Etxepare Euskal Institutuak eta Musika Bulegoak lankidetzan garatutako ekimen publiko-pribatua.