Xabier Badiola (Euskal Herria) eta Magalí Datzira (Katalunia) Ozen i Fort egonaldi artistikoaren bigarren edizioan parte hartzeko hautatu dituzte. Programaren helburua euskal eta kataluniar eszenetako artisten arteko loturak sendotzea da, sorkuntza partekatuaren bidez. 2025ean egin zen lehen edizioan, Verde Prato eta Claraguilar izan ziren protagonistak.
Ozen i Fort ekimena bi musika-eszenen arteko elkarlanerako espazio eta programen gabeziari erantzuteko sortu da. Egonaldia bi fasetan antolatuta dago, eta biak Bartzelonako Fabra i Coats – Fàbrica de Creació gunean egingo dira: 2026ko maiatzaren 13tik 21era, eta irailaren 13tik 16ra.
Egonaldian zehar, Badiolak eta Datzirak elkarrekin lan egingo dute musika-proiektu berri bat garatzeko, sormen-prozesuak partekatuz eta elkarlanerako modu berriak esploratuz. Bigarren fasearen amaieran, lana jendaurrean aurkeztuko da, nahiz eta aurkezpenaren xehetasunak aurrerago jakinaraziko diren.
Sormen-prozesuak L’Afluent-en laguntza izango du, artisten praktika sortzaileak garatzen laguntzeko, eta Bartzelonako Euskal Etxearen aholkularitza ere jasoko du.
Antolatzaileak: Musika Bulegoa, Fabra i Coats – Fàbrica de Creació
Babesle nagusia: Laboral Kutxa
Babeslea: Eusko Jaurlaritza
Laguntzaileak: Etxepare Euskal Institutua, Bartzelonako Euskal Etxea